Libe Belandia Juaristi

Libe Belandia Juaristi (Leioa, 1994). Arte Graduan graduatua, Arte, Media eta Teknologia aipamenarekin, eta Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboko Masterra egin zuen, biak UPV/EHUn. Soinu eta ikusizko artista da, performerra eta musika autodidakta, Liben Svaart izengoitiarekin. Ikus-entzunezkoen eta performatiboen arloan lan egiten du, sentsibilitatetik, inframincetik. 2020tik sua ikertarekin dihardu, teknologiarekin dugun harremana aztertuz.

Bere ibilbide artistikoari hasiera emateko, Black Surgery | Robar como un artista proiektua egin zuen radio consonni con AZ-n 2019an. Horren ondoren, Histeria Kolektiboaren La Karpinteria espazioan egin zuen bere lehen egoitza, ms & mr svaart musika eta performancea nahasten duen proiektuarekin. Arteshop-en 2018ko eta 2019ko edizioetan parte hartu du. Sua proiektuarekin kolaborazio beka lortu zuen BilbaoArten 2021ean, eta, ondoren, bakarkako erakusketa egiteko aukeratu zuten, 2022an Erre sua izan arte-rekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ekoizpen eta sorkuntzarako dirulaguntza ere jaso du, Etxean sua egiteko jarraibideak proiekturako.

Lanean, ikerketa eta sorkuntza laguntzaile izan da Gheadan eta diseinatzaile Apitropiken. 2022an, autonomo gisa hasi zen ikus-entzunezkoen enkarguak egiten, eta, denbora horretan, Amaiur Macias eta Ramón Rosenjkarren (gaur egun, Kolektibo Kafuné) Nire irudia zure haragian obrarako soinu-espazioa eta musika egin zituen.

Musikalki, lehen bi albumak egiten ditu 2017 eta 2018 artean. Lehenengoaren izenburua Home da, eta Zoom H1 grabagailu baten laguntzarekin grabatzen du, ukelelea eta ahotsa soilik erabiliz. Bigarrenak musika esperimentalaren fasea hasten du Body Sound proiektuarekin, UPV/EHUko bitartekoei esker egiten duena. 2015 eta 2018 artean, Mirror of Truth hard rock taldeko kide izan zen, abeslari eta konpositore gisa, eta musika genero horrekin izandako esperientziak bultzatuta, 2019an atera zuen lehen diskoa El Ser Extraño Records zigilupean, In Red izenekoa. Disko horren atzetik datoz EP ms & mr svaart vol. I: hysteric over meaningless beats (2019ko ekaina), S.T.R.I.N.G.S. albuma (2019ko uztaila), Orion (2019ko iraila) bideo-proiekzioekin batera aurkezten den diskoa eta Blame (2019ko azaroa) singlea. 2020an atera zuen orain arteko azken lana, ZAWPeko Estiba egoitzaren laguntzarekin, . . . (dot dot dot). Gaur egun, gaztelaniazko lehen diskoa idazten ari da, eta 2023ko udaberrian kaleratzea espero du.

Europar Batasunak-Next Generation EUk finantzatuta