IKERKETA-ILDOAK

AKMEKA ikerketa-taldearen jardun osoan funtsezko kontzeptu eta ardatz batzuk agertzen dira; halaber, jardun honek etengabe kuestionatzen du -eta hausnartzeko gaitzat hartzen du- noraino iristen den praktika artistikoa bera eta zer-nolako lotura duen testuinguru sozial eta kulturalarekin; gai hauei buruzko espekulazio kritikoa egiten du: diziplinen arteko mugak, Artearen ideia, autoretzaren nozioa eta sorkuntzaren dimentsioa kolektiboa. Gainera, espekulazio kritiko horretan unibertsitate-ikerketa eta praktika artistikoa bera ere agertzen dira, ikerketaren objektu eta subjektutzat hartuta. Hori guztia oinarritzat hartuta, ondoren aipatzen diren lan-ildoak sortzen dira, baina ez ildo autonomo gisa, ezta elkarren artetik bereizitako espazio estanko gisa ere. Aitzitik, arlo porotsuak dira, elkarrekin gurutzatzen direnak eta elkar kutsatzen dutenak, zeren guztietan aurkitzen baitugu artearen inguruko hausnarketa, artea ikerketatzat hartuta, teknologia edo hedabideei buruzko ikuspegi kritiko batez, eta oraingo ekoizpen sistema kuestionatzen eta aldatzen saiatzen den posizionamendu ideologiko batez.

1.- Memoria, artxibo eta testuinguruari lotutako praktika artistikoak.

Gure memoria, bai banakakoa eta bai kolektiboa, modu askotan eta zenbait geruzatan eraikitzen da; bertan, irudia, hizkuntza artistikoak eta baliabide plastikoak, bisualak eta soinuzkoak eragile aktiboak dira. Talde honetatik esploratu eta aztertzen dugu zer rol jokatzen duen arteak memoria horren(horien) eraikuntzan, bi dimentsiotan: alde batetik, aztertzen dugu nola funtzionatzen duten praktika artistikoek berek imajinarioen sorreran, eta, bigarrenik, artearen artxiboak izaten ditugu aztergai, erabiltzen dituen formetan. Azkenik, praktika horien eta euren testuinguruaren (soziala, kulturala, ekonomikoa, politikoa) arteko lotura ere izaten dugu aztergai.

2.- Espazio publikoa, elkarlaneko praktikak eta inplikazio soziala.

Artea espazio publikoan eragina izateko tresna gisa, komunitatea sortzeko eta eragile moduan jarduteko tresna gisa, hau da, artea entretenimendu edo apaingarri huts kontsideratzen duen ikuspegitik urrunduta. Esfera publiko hedatuaz birpentsatzea, hiri- edo natura-ingurunearen alderdi fisikotik hasi eta sareen alderdi birtualera iritsiz, eta memoria ondasun komunal bezala berreskuratzea, kaletik sare sozialetara, diziplinaz gaindiko proiektu artistikoen elkarreragin, aktibazio eta loturaren lekutzat hartuta.

3.- Arte, kultura eta hedabideen jarrera kritiko eta politikoak.

Konfrontazioa, elkarrizketa eta kritikaren zilegitasun eta eginkizunen birformulazioa praktika artistikoaren alorrean. Donna Harawayren (1983) Cyborg Manifestutik Manifestu Aditibistara (2017), progresio teknologikotik Maker azoken erregresio ideologikora. Diskurtsoaren galera artearen jardunaren neutralizatzale gisa.

4.- Ikus-entzunezkoa, teknologiak, sareak: Esperimentazioa eta performatibitatea.

Diziplinaz gaindiko elkarlan- eta esperimentazio-sareak errelatua ikus-entzunezko iruditik berreraikitzen duten elkarlaneko proiektuetan (zinema, bideoa, elkarreragina), edo praktika performatibo eta post-performatiboen erregistrotik (ekintzak, performanceak, proiektu erlazionalak edo komunitateari lotutakoak).

5.- Ezagutza eta kultura askea

Ezin ahaztu dezakegu kulturarako eskuratze-bide demokratikoari eta ezagutzaren zirkulazio askeari buruzko eztabaida, une horretan sortzen ez bada, teknologia digitalen eta internet sarearen agerpenarekin sortzen dela, orduan berreskuratzen baititu egunerokotasun eta protagonismo nabariak hainbat mailatan. Batez ere ekoizpen kultural garaikidearen alorrean. Ildo hori Akmekaren ekoizpen osora hedatzen da, zeharkakotasunez.

Post hau ere eskuragarri dago: Spanish English